14-08-2019
Dantza asteburua, JOTAREN SISTEMA (I), Orduña, irailak 28-29

Ekainaren 29 eta 30ean Areatzan izan ginen Larrain dantza ikasteko aitzakiarekin. Herri ezberdinetatik etorritako kuadrilla elegantea elkartu ginen berton, eta eskoletako aretoa ederto etorri zitzaigun denak batera aurrera eta atzera dantzan egiteko. Eta eskoletatik aparte, uste dut, dantzak lagun arteko giro gozoa erraztu zuela (goizaldeko dantzaldi klandestinoa batez ere jajaja) eta primeran pasatu genuela!

Kontua da, horren pozik egon garela, ikasturtearen hasierarako plana jarri dugula Urduñan, irailaren 28-29an eta bertoko Hotel Balneario Orduña Plazan "Jotaren sistema (I)" lantzeko asmoarekin elkartzeko asmoa dugula.

Aiko♥jota

Jota dantzatzea maite dugu, musika, erritmoa, egiturak, askatasuna, jolasa, inprobisazioa. Gozatu egiten dugu elkarrekin jotan, dantza %100ean dalako, gure gorputzaren bidez komunikatzeko bidea, hainbat eta hainbat gauza partekatzeko bidea: gure musika, gure sentipenak, gure kultura.

Jota 1+1=2

Jota, printzipioz eta jatorriz, bikote dantza bat da. Laguna behar da jota dantzatzeko, bikotea, dantzakidea, hori da jotaren oinarria. Lagun batek proposatzen du eta besteak imitatu jarraitu, eta horrela sortzen da benetako dantza, benetako harremana.

Dantzakera demokratikoa

Gure proposamenak, aspaldiko dantzakera zaharra du abiapuntu, oinak lur gainean ditugula, ibilkera naturalean oinarrituta. Dantzakera hau ez dugu aukeratu zaharra delako, zaharra "benetan tradizionala" dalako, baizik eta berezkoa dalako, ergonomikoa eta demokratikoa (dantzaren ateak guztiendako irekitzen ditu, ez bakarrik sasoiko dantzari trebetuendako).

Jota eta gazta

Jota gurea da. Jota euskalduna da, guk horrela antzematen dugu behintzat. Jota gurea egin dugu inguruko beste hainbat kontu bezala, gurera ekarri eta gureak egin ditugunak: gaita, alboka, akordeoia… Dantza maisu zahar batek erran zuenez: “dantza (eta kultura orokorrean) gazta bezalakoa da, esnekia izaki, esnez egiten da edonon, baina azken batean ezberdina da edonon ere”.

Jotaren historia

Dugun jotaren historiaren ezagupena mugatua da. Atzera begira, badakigu XIX. mendean zehar eta XX. mendearen hasieran jota modan zegoela. Badakigu eliza eta nazionalismoaren eraginez jotaren jatorrizko sentzu erotikoa aldatu zela kontrakoaren ikur bihurtuz. Badakigu jatorriz erdalduna zela eta nola edo hala gurea egin genuela. Atzerago goazela, ezer gutxi dakigu ahaide izan daitezken aintzinako dantzetatik abiaturik (Gallardatik adibidez) jota edo fandangora eraman gintuen ibilbideaz. Dena dela, guri oraina interesatzen zaigu, gaurko jota, bizirik diharduena, jota garaikidea, guk dantzatzen duguna.

Xede berriak jotarendako

Lehen, jotaren (eta dantzaren) helburu nagusietakoa bikotea lortzea zen, bikote harremanak hastea, eta kontestu horretan, dantzakerak ez zuen horrenbesteko garrantzirik, bizpahiru urrats nola edo hala besoak altzatuta egin eta aurrera. Bazeuden, dena dela, trebezia eta erakusteko tarteak eta momentuak, eta bazeuden ere, artistak, inprobisatzeko eta sortzeko gaitasun bereziarekin, eta horrela ezagutu ditugu Bartolo Lasa, Silvestre Elezkano (“Txilibrin”) edo Tomas Jainaga (“Eperra”). Gaur egun, orokorrean, dantzatzeko plazer hutsaren truke dantzatzen dugu batipat, eta jota eskolak ematen ditugu, eta jota ikasgai eta aztergai bihurtu da. Horrela, dantzak, mugimenduak, dantzakerak eta teknikak beste dimentsio bat hartu dute, oinarrizko urratsetatik harago, sarritan lehengo “artisten” ildoa jarraituz.

Testuinguru koreografikoa

Jota edo fandangoa, polka, txotis, mazurka, pasodoble, balsa eta antzeko dantzez inguruatuta hasi zen, erromeri inguruan, eta dantza hoiek ditu ahaide eta kide, dantzakeran, erritmoan eta sarritan urratsetan ere. Horrez gain, kopletan baltseoan egiten dugu eta hor balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea... dantzatzen dugu.

Jota=musika+mugimendua

Gure kulturan, musika eta mugimendua, errealitate beraren osagaiak dira. Keinuak, mugimenduak, urrats ikusgarriena ere, dantza izateko musikarekin bat etorri behar du. Azken batean, dantza musika gorputzaren bidez bizitzeko modu bat ere bada eta.

Bizkaidantza (arin-arina, porrua)

Dantza mota au da Bizkaitarren berenkia, zeña egin oi duten fandangoaren modura, dos por kuatroko kontradantzaen soñuetan; beragatik esan oi zitzaien soñu gisa oei guziai Bizkai dantzako soñuak.

Horrela zioen Iztuetak fandango edo jotarekin batera dantzatzen dugun "dos por kuatroko kontradantza" horri. Erritmo hirukoitzeko jota-fandangoa eta erritmo bikoitzeko arin-arina uztartzea ohikoa da hemen eta beste inguru askotan tokian tokiko izenekin, noski. Jotaz hitzegiten dugunean, jota eta arin-arinaz ari gara gehienetan.

Izenak eta egitura

Dantza lotuarengandik ezberdinduz, dantza solte izenpean ezagutzen dugu jota eta arin-arina. Gure inguruan ezagutzen dugun erabilera zaharrenean, “trikitia” edo “trikitixa” deitzen zitzaion dantza soltuari.

Jota eta fandango sinonimoak izan dira guretzat. Azken urteotan fandangoa koplarik gabeko dantza izendatzeko erabiltzen da, eta jota edo trikitixa kopla duenarentzako. Jotaren beste izen batzuk: orripekoa eta lehenengoa.

Arin-arina eta porrua ere gauza bera izan dira eta dira inguru askotan. Gaur egun aldiz, kopla duenari porrua edo porrusalda deitzen zaio eta koplarik ez duenari arin-arina. Beste izen batzuk: bizkaidantza eta bigarrena.

JOTAREN SISTEMA (I) ikastaroa

Guzti honen inguruan, gure esperientzia partekatzeko Urduñako dantza asteburuan elkartuko gara irailaren 28 eta 29an. "Jotaren sistema (I)" izena jarri diogu berton AIKO taldeak jota hobeto ulertzeko egin duen ikerketa eta sistematizazio proposamena azaldu nahi dugulako, eta beste batean, aurrerago, "Jotaren sistema (II)" ikastaroan jotaren tokian tokiko garapen eta egokitzapenak lantzeko.

Dantza eskolak Hotel Balneario Orduña Plaza bertan burutuko ditugu eraikinak 3. solairuan duen dantza areto zoragarrian. Nahi duenak ere, ohizkoa denez, aukera izango du hotelean bertan afaldu, lo egin, gozaldu eta bazkaltzeko (balnearioan 60 minutuko zirkuitu termala ere barne) 75 euroren truke gela bikoitzean. Ikastaroaren prezioa, aldiz, ohizkoa, 50€.

Irailak 28

17:00-18:30 Ikastaroaren hasiera Hotel Balneario Orduña Plazan, 3. solairuan.

18:30-19:00 Atsedenaldia

19:00-20:30 Berriz ikastera

21:00 afaria 

23:00 DANTZALDI-ERROMERIA

Irailak 29

10:00-11:30 Ikastera

11:30-12:00 Jolastokira

12:00-13:30 Berriz lanera

14:30 bazkaria

*Ordutegiak pokomasomenosekoak dira, beti bezala.

 

IKASTAROAN IZENA EMATEKO

aiko@aikotaldea.eus helbidera email bat agindu JOTAREN SISTEMA (I) ikastaroan parte hartu nahi duzula esanez eta zure izen-abizenak eta mugikorraren zenbakia + zure izen abizenak adieraziz, 50 € sartu Kutxabankeko honako kontu zenbakian (titularra Aiko Kultur Elkartea):

ES85 2095 0233 10 910994 3783

 

GOGORATU: PLAZA MUGATUAK!

 

HOTEL BALNEARIO ORDUÑA PLAZA

Paseo de los Fueros, 15, 48460 Orduña, Vizcaya

Ohizkoa denez, Hotel Balneareio Orduña Plazak, eskeintza berezi bat prestatu digu ikastaroan parte hartzen dutenentzako:

-Gela bikoitzean, larunbateko afaria, lo egitea, igandeko gosaria eta bazkaria 75€  lagun bakoitzeko, balnearioan 60 minutuko zirkuitu termala barne.

Ikastaroa AIKO taldeak kudeatzen du baina hotelarena zuzenean Hotel Balneario Orduña Plazak darama, horrela ba, informazio gehiago eta hotelean erreserba egiteko bertora deitu, eta AIKO taldearen ikastaroko eskeintza nahi duzuela komentatu:

Tel: 945 56 90 38

http://www.hotelordunaplaza.com

URDUÑARI BURUZ:

https://www.google.com/maps/place/orduna

https://es.wikipedia.org/wiki/Ordu%C3%B1a

 

PLAZA MUGATUAK, GOGORATU!

 

 

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus