12-07-2019
Aiko news: Enbor txistua, by Sabin Bikandi

Gehienetan dantza kontuetan murgilduta ibiltzen gara dantzan jartzen gaituen musika aipatu gabe. Gaur aldiz, dantzarako musika berezi batekin gatozkizue, oso berezia, niretzat bederen.

Juantxo Vega Donostiako Udal Bandako danbolinteroa da aspaldi. Goi mailako txistularia, txapelduna, mokodun flauta jole irakaslea ere, melomano handia, musikari fina eta zorionez, nire lehen irakaslea kontserbatorioan sartu nintzenean duela 40 bat urte inguru. Bakoitzak gure bidea egin dugu, bera ezkertiarra eta ni eskuindarra (berak ezkerreko eskuarekin txistua izugarri menperatzen du eta nik eskubiarekin danbolinteroa naiz txistularia baino, jajaja), baina urteak joan eta etorri, txistuaren hotsak, txistuaren soinuaren kalitatearen bila lan egiteak berriz elkartu gaitu, eta non? Amurrion, Jose Mari Gancedoren tailerrean.

Dantzarik ez dago musikarik gabe, eta Euskal Herrian gure dantza batez ere txistua izan da, eta txistuak egiten maisu handiak Pepe eta Jose Mari Gancedo aita semeak. Urteak dira hor izan ditugula beti lagun, beti irribarrez eta beti prest gure behar izanei erantzuten. AIKO Taldearen musika asko Amurrioko tailerrean jaioa da. Mi bemoleko txistua probatu genuenean maiteminduta gelditu ginen eta "Urraska: dantza jauziak Sagasetaren bidetik" batez ere txistu horrekin grabatu genuen, eta berdin "Bilgua. Pirinioetako magaletan dantzan". Edo eta La-ko txistua Huelvako "flauta rociera" tankerakoa txuntxunarekin jotzeko, eta Re-koa... Edo Berrizko Patxikutarren txistu zaharraren kopia!! Eskerrikasko Pepe eta eskerrikasko Jose Mari!!

Oraingoan Juantxok igorritako grabaketak partekatzera nator. Amurrioko tailerrean zeudela modu mesotonikoan afinaturiko Mi bemoleko txistu eta Si bemoleko silbote bat frogatzen, Juantxo eta Juan Ulibarri (aparteko musikaria hau ere, benetan) txundituta gelditu ziren elkarrekin jotzean ateratzen zen soinuaz eta honako grabaketa egin dute, eskuzabal, gurekin partekatzeko:

Azalandare

https://youtu.be/lSLplAyuyK0

Erreginetan

https://youtu.be/-c1E6wlK2_Y

Alboradetako soinua

https://youtu.be/cukjARLhzGY

Eta beste opari bat. Aspaldi komentatzen genuen beste inguru batzuetako txistuak barnekaldeko zuloa konikoa zutela eta agian frogatu beharko genukela gure txistuetan ere egitura hori. Eta eguna heldu da. Eta Jose Mari Gancedok sekulan jo dugun txistu onena egin du, eta hori asko esatea da gero!! Afinazio orokorra, beheko eta goiko noten arteko oreka, soinua, jotzeko noblezia, goiko fa sostengatuaren bigarren jarrerak, goiko sol airean jotzeko erreztasuna, goiko si bemol ditxosoa... pozik gaude. Txistuaren izena Enbor, eta bere doinua Juantxoren grabaketa eder honetan entzun dezakezue:

Enbor txistua

https://youtu.be/bHez20F12bE

Eskerrikasko Juantxo Vega, Juan Ulibarri eta eskerrikasko Pepe eta Jose Mari Gancedo.

Zorionak.

Zoriontsuak gu!

 

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus