Hilabete barru amaituko dira Euskaltzaindiak bere mendeurrena gogoratzeko antolatu dituen ospakizunak. Hain zuzen, urriaren 5ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko jauregian egingo den ekitaldi instituzionalarekin itxiko da urte beteko jarduna. Aurretiaz, baina, mendeurreneko erromeria herrikoia antolatu du Euskararen Akademiak, AIKO Taldearekin elkarlanean.
Erromeria herrikoia irailaren 21ean izanen da, Bilboko Plaza Barrian. 13:00etan abiatuko da jaialdia, Plaza Barrian bertan eginen den soka-dantzarekin. Zazpi Kaleetatik kantuan eta dantzan ibili ostean, 17:30an hasiko da erromeria, iluntzera arte luzatuko dena (badaezpada, karpa berezia jarriko du Euskaltzaindiak). Parte-hartuko dute Berrizko San Lorentzo dantza-taldeak, Bilbo Kantarik, Jarauta 69 txarangak, AIKO Taldeak, Bizkaiko Gaiteroek, eta Roberto Etxebarria eta Idoia Markaida trikitilariak.
- Irailaren 21ean -larunbata- izanen da jaialdia, Bilboko Plaza Barrian, eta Euskaltzaindiak bertan parte hartzeko deia egiten die Euskal Herri osoko euskaltzale eta dantzazaleei.
- Egitarauari dagokionez, 13:00etan abiatuko da jaialdia, Bilboko Plaza Barrian egingo den soka-dantza herrikoiarekin; Zazpi Kaleetatik erronda egin ostean, 17:30ean izanen da mendeurreneko erromeria.
- Parte-hartzaileak: Berrizko San Lorentzo dantza-taldea, Bilbo Kantari, Jarauta 69 txaranga, AIKO Taldea, Bizkaiko Gaiteroak, eta Roberto Etxebarria eta Idoia Markaida trikitilariak.
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus