Ezinezkoa dela hobetzea asko esatea litzateke, baina, egia esan, asteburu ederra Areatzakoa. Larunbateko kaleko giro ederra goizetik hasita: buruhandiak, erraldoiak, gaiteroak, fanfarrea, musika, dantza, kantua... Eta arratsaldean, mutil dantzen ikastaroa herriko plazan Patxiren eskutik eta Josurekin jauzien hasierako ikastaroa udaletxeko txoritokian. Hasieran arraro egin zitzaigun plazan eskolak ematen aritzea, haurrak gure inguruan genituela, eta kale hutsean... baina Labordaren akuiluak mutil dantzen bidetik irmo eraman gintuen, eta errepaso bikaina egin genuen. Josurekin aldiz, mantso, lasai eta sosieguz gure lehen urratsak emateko parada izan genuen herriko etxe nagusiaren teilatupean. Ondo azalduta, pausoz pauso... Eta gero parrillada, eta parrilladaren ostean, parranda galanta! Eta biharamonean Iruretagoyena aita eta semeak, Claude eta Jon, jauzien inguruan dakizkiten hamaika kontu gurekin partekatzen. Aitortu behar da, sorpresa izan zela: nahiz eta gazteleraz egin, komunikatzaile bikaina da Claude. Eguzkia ere hartu genuen (hurrengoan eguzkitako krema ekarri beharko) eta igande goizean, plaza gurea izan zen, baketsu eta isilik.
Ba hori, ederto pasatu genuela, eta ematen du, Areatza dantza asteburuak antolatzeko aukerako tokia bihurtzen ari zaigula.
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus