15-06-2014
Dantza Maratoia labur egin zitzaigun: Dantzari dantzazale eguna

Iragarrita zegoenez, eguraldiak ere lagundu zigun Dantza Maratoia edo Dantzari dantzazale eguna ospatzen, Lorentzo han izan zen eta San Lorentzoko lagunak ere. Eta horrela, Andra Mari eleizako arkupe dotorean, kategoriako sokadantza batekin hasi genuen gure bilera. Aurreskue Ernesto Milikua, atzeskue Jose Luis Madariaga eta danbolinteru German Aldekoa, Berrizko San Lorentzo taldeko lagunak. Eta sokadantza amaierako fandango eta arinarinean, Germanek, Patxikutarren eta bere aita Alejandroren errepertorioko piezak jo zizkigun, hori bai, KOPLA TA GUZTI!

Eguneko beste izen aipagarri bat Arkaitz Miner bibolin jolea da, luxuzko fitxajea... Hor ibili zitzaigun egun osoan sokak igurtziz doinu ederrak ateratzen, kalez kale Sabinekin eguerdian, eta taldearekin batera bazkalondoko erromerian. Zorionak Aikori eta esker beroak Arkaitzi!

Sokadantza eta dantzapoteoa bukatuta, Plateruenan txakolin gonbitea, eta Aiko dendaren sorpresa… hainbat tentazio izan genituen bertan: elastikoak, txapelak, eskuoihalak, motxilak… eta kriskitiñak ere! Ikastaro bat egin beharko dugu orain!

Erromerian gustora aritu ginen Patxiren gidaritzapean elkarrekin izerditan. Eta jarraian Bizkaiko Gaiteroekin Larrain Dantza ere egiten saiatu edo ausartu ginen. Egia esan, ez dakigunontzat, dibertigarria da Larrain Dantzaren egitura jarraitzea, edo agian hobe desegitura esatea… baina ondo pasatzen dugu edonola ere. Eta egia esan, altabozarekin dantzan aritu ginen jarraian (denetarik…) eta konturatu orduko Manolo Escobarren “Mi carro” entzuten geunden, Maratoia bukatzen zela adieraziz.

Egun ederra pasatu genuen elkarrekin, eta Urbian berriz elkartzeko gogoz gelditu ginen gehienok. Horrela izan dadila!

OHARRA: Bideoaran doinuak gora beherak ditu, baina dokumentu interesgarria iruditu zaigu konpartitzeko.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus