20-01-2015
EHU.ES: Dantza-ikastaro zikloa Asturias, Galizia eta Salamancako jota-maisuen eskutik

Larunbatean, urtarrilak 24, 17:00etan Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3. Bilbo) Jotalariak dantza-zikloa hasiko da. Dantza tradizionalaren dibulgazioan diharduten musikari eta dantza-maisuez osatutako Aiko Taldeak Jotalariak deritzon dantza-ikastaro zikloa antolatu du urteko lehen hiruhileko honetako. Bilbon egingo diren hiru jota-ikastarok osatutako ziklo honi esker, parte-hartzaileek Asturias, Galizia eta Salamancatik etorritako dantza-maisuez gozatu eta dantzan ikasteko aukera izango dute. Ekimen hau Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzaz mamitu da, bi erakundeek abuztuan jatorri tradizionaleko musika eta dantza sustatzeko sinatu zuten hitzarmenari jarraiki.

Aiko Taldeko kideek argi eta garbi aitortu dute: "ezin dugu disimulatu; izugarri gustatzen zaigu jota /fandangoa, eta gure zaletasuna beste leku batzuetako jotalariekin partekatzea, horretarako aukera dugun bakoitzean". Ondorioz, taldearen jatorrizko "gozatu, dantzatu eta ikasi" filosofiari eutsiz, hiru saio programatu dituzte dantza herrikoi honek Asturias, Galizia eta Gaztelako eskualde desberdinetan dituzten ezaugarriak erakusteko. Hilean, larunbat arratsaldez, hiru orduko ikastaro bana antolatuko da Bizkaia Aretoan, eta bakoitzaren matrikularen prezioa 20 eurokoa izango da.

Larunbatean, hilak 24, Asturiasko jota

Aurkezpen ekitaldian, Jotalariak zikloak Bilbo aldera ekarriko du larubantean, hilak 24, Vezos Astures (Asturiasko ohiturak) taldea. Kultur elkarte honek, Aiko Taldeak bezalaxe, bere lurraldeko dantza tradizionala ikertu, berreskuratu eta sustatzearen alde lan egiten du. Oraingo honetan, Asturiasko talde horretako lau kidek jotak Asturiasko kontzeju desberdinetan dituen aldaerak erakutsiko dituzte, ahotsei pandereten perkusioaren akonpainamendua soila gaineratzen zaien erarik sinpleenetik abiatuta. Tailerra larunbat honetan izango da, urtarrilak 24, 17:00etatik 20:00etara bitartean, Bizkaia Aretoan (UPV/EHUren Abandoibarrako paraninfoan-Bilbon). Ekimena UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko kultur-sareak eratutako Kulturbasque izeneko topaketa eta jarduera programazioaren barruan antolatu da.

Ondoren, otsailaren 7an, larunbatez, dantza tradizionalean trebatutako Sergio Cobos dantza-maisu galiziarrak parte hartuko du Jotalariak zikloan, eta pandereta, gaita eta akordeoiaren laguntzaz, Galizian jota interpretatu eta dantzatzeko dauden era desberdinak erakutsiko ditu. Martxoaren 7an, Salamancako dantza tradizionalaren txanda izango da, Agustín García Hernández danbolin-jole tradizionalaren eta Salamancako Contrarronda Kultur Elkarteko kideen eskutik.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus