Euskal Herriko dantza tradizionala ezagutarazi nahian diharduten musikari eta dantza-maisuek osatutako Aiko taldeak beste pauso bat eman du Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, eta horrenbestez, Udako Ikastaroen hurrengo edizioan, 'Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin' izenburupean, gehienbat praktikoa izango den ikastaroa eskainiko du dantza herrikoien inguruan, ekaineko azken asteburuan, hilaren 26, 27 eta 28an, Areatzan.
Ekimena oso publiko zabalari zuzenduta dago, dantza munduko profesionalak, dantzazaleak oro har, eta dantza tradizionalari buruzko ikuspegi garaikidea izan eta Aikok dantzaren irakaskuntza-ikaskuntzarako darabilen metodoa ezagutzeko interesa duten guztiak barne. Zeregin honetan hasi zenez geroztik, kolektibo honek ahalegin berezia egin du dantza tradizionalaren imitazio bidezko transmisiorako aukera berriak bultzatzeko, gaur egungo bizimodura egokituta. Aiko taldeak dantza egiteko estilo tradizional eta naturala bultzatzen du, gaurko mundura egokitutako metodo propio, dibertigarri, argi eta erraz baten bidez, "gozatuz ikasteko eta dantza eginez gozatzeko".
Ekimen kultural eta pedagogiko honetan, Aiko taldeko Sabin Bikandi, Patxi Laborda, Josu Garate, Ainhoa Odiaga eta Larraitz Artetxerekin batera, beste artista gonbidatu batzuek ere parte hartuko dute. Hauen artekoak ditugu Claude Iruretagoyena, Biarrizko Maritzuli Konpainia dantza-taldeko koreografoa, Aiko taldearekin behin baino gehiagotan jardundakoa; Oier Araolaza, dantzaria, ikertzailea eta dantzan.eus erreferentziazko atariaren bultzatzailea, eta Kepa Artetxe, Euskal Herriko dantza tradizionalaren kondaira bizia eta Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldearen alma materra, eskola magistrala eskainiko duena.
'Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin' izenburuko ikastaroa hau Areatzan egingo da, euskaraz, EHUren XXIV. Udako Ikastaroetako Historia eta Kultura zikloari atxikita. Programaren barruan, hainbat estilo aztertuko dira, kontradantzak, jotak eta Gipuzkoako dantza batzuk barne, eta dantzaren bilakaerari buruzko eskola praktikoa emango da.
Ostiraleko nahiz larunbateko ikastaldien buruan, hilak 26 eta 27, erromeria bana antolatuko da Aiko taldeko musikari eta dantza-maisuen partaidetzaz, eta igandean, hilak 28, udako ikastaroari behar bezalako amaiera emateko, Kepa Artetxek jota edo fandangoari buruzko masterclass bat eskainiko du.
Matrikulak 40 euroko prezioa du. Ikastaroaren helburua, dantza munduko profesionalen eta dantzazaleen arteko topagunea eratu eta euskal gizarteari dantza tradizionalaren garrantzia bistaratzea da, kasu honetan Unibertsitatearen laguntzaz. Honela, musika eta dantza tradizionala euskal kulturaren ondare ukiezintzat sustatu nahi da, arte horien inguruko ezagutzen transmisioan era aktiboan lagunduz.
Egitaraua
Ekainak 26, ostirala
- 17:00. Korrotik pikutara: Oier Araolaza eta Gari Otamendik dantzaren historiari begirada interesgarri bat proposatzen digute, musika eta dantza eginez, tailer-ikastaro-hitzaldi praktiko honen bidez.
- 19:00. Erromeri dantzaldia (I): Dantzaldia Aiko taldearekin. Hitza eman digute erromeri ezberdin bi egin behar dituztela ostiralean eta larunbatean… Ia zer prestatzen diguten!
Ekainak 27, larunbata
- 10:00. Gipuzkoako dantzak: Josu Garate dantza maisu eta dantzari finak hainbat urtetan eta hainbat dantza maisuengandik ikasi dituen esperientziak konpartitzeko asmoarekin datorkigu Areatzara.
- 12:00. Joteagaz olgetan: Egokia da Patxi Labordarekin egin behar dugun ekitaldi honen izena; norbait jotarekin jolasteko gai bada, gure Patxi da eta!
- 17:00. Kontradantzak: Claude Iruretagoyenak ikerketa lan handia egin du dantzen inguruan, baina ez bakarrik dantza jauzi edo mutxikoekin, kontradantza edo kadrileetan ere aditua da, eta maisu aparta.
- 19:00. Erromeri dantzaldia (II): Aikotarren bigarren dantzaldia. Esandakoa, ia zer egiten duten...
Ekainak 28, igandea
- 10:00. Sormena jotan erritmoa baliatuz: Sabin Bikandik, musikaria denez, erritmo ezberdinak erabiliz puntu berdin edo antzekoei etekina ateratzen irakatsiko digu.
- 12:00. Master class: Kepa Artetxe: Kepa Artetxerekin jotan dantzatzea esperientzia bat da beti. Aprobetxatu dezagun!
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus