Euskal Herriko dantza tradizionalaren hedapena bultzatzen duen eta musikariz eta dantza maisuz osatuta dagoen AIKO Taldeak matrikula epea zabaldu du gaur, dantzan ikasi nahi duten pertsona guztiek DANTZALDI IBILTARIAren edizio berrian izena eman ahal dezaten. Metodologia propioa duen ikastaro egonkor horretatik 4.000 zale baino gehiago igaro dira azken hamar urteetan. Dagoeneko matrikula epea zabalik duen ikastaro berria urritik ekainera luzatuko da, zazpi lekutan: Bilbo, Donostia, Galdakao, Durango, Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Berastegi, BBK Fundazioaren lankidetzarekin.
Ikastaro berria urriaren 3an, astelehenean, zabalduko da, Bilbon eta Galdakaon. Herri horietan klaseak asteko lehenengo egunean eskainiko dira, Bizkaia Aretoan (Abandoibarran-Bilbon dagoen UPV/EHUko paraninfoa) eta Urretako eskoletan, hurrenez hurren; astearteetan, urriaren 4tik aurrera, DANTZALDI IBILTARIA Durangoko Plateruena Kafe Antzokira joango da; asteazkenetan Markina-Xemeinen (Lea Artibai Ikastetxean) eta Berastegiren (Udaletxean) txanda izango da; eta azkenik ostegunetan, urriaren 6tik aurrera, AIKO Taldeak Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolan eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokian emango ditu bere klaseak, azken toki horretan Ballet Tren eta donostia.com-en laguntzarekin.
Aurreko edizioetan bezala, ikastaroak bi mailatan eskainiko dira (hastapena eta hobekuntza) eta ordutegi berberarekin leku guztietan: 18:00etatik 19:30era lehenengo pausoak eman behar dituztenentzat eta 19:30etik 21:00etara aurretik ezagutzak dituzten zaleentzat. Matrikularen prezioa 160 eurokoa da (110 € UPV/EHUko eta Lea Artibai Ikastetxeko ikasle edo langileentzat eta 14 eta 29 urte arteko gazteentzat). Lehen kontaktua izan nahi dutenentzat, eskolak doakoak izango dira urrian, eta ikastaro osorako matrikula horren ondotik egin ahal izango dute. Matrikula www.aikotaldea.eus webgunean edo 634 423 539 telefonora deituz egin daiteke.
Kantu Tradizional Ikastaroaren bigarren edizioa
KANTU IKASTAROA (bideo)
Horrekin batera, AIKO Taldeak bere Kantu Tradizional Ikastaroaren bigarren edizioa jarriko du martxan. Ikastaro horretan, Euskal Herriko txoko guztietako melodia tradizionalak interpretatuko dituzte partaideek. Lehenengo edizioaren arrakasta ikusita, Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisioan espezialista handia den Itsaso Arrietak eskainiko du berriro ere. Itsaso Arrieta euskal abesti herrikoi irakaslea da. Urte luzez hezitzaileen irakasle izan da haurtzaindegietan eta eskoletan. Umeen abestien inguruko bilketa eta ikerketa lanean ere aritu izan da, alor horretako zenbait argitalpenetako arduradun edo aholkulari gisa. Azken urteetan abesti tradizionalei buruzko ikastaroak ematen ari da, eta abestiarekin erlazionatutako hainbat kultur jardueratan ere hartzen du parte.
Ekimena EHUKultura Bizkaia programazioaren barruan dago, eta Bizkaia Aretoan, UPV/EHU-k Bilbon duen egoitzan, emango da. Ikastaro osorako matrikularen prezioa 160 €-koa da (ordubete astelehenero, urritik ekainera arratsaldeko 18:30etik 19:30era edo 19:30etik 20:30era). Urrian klaseak dohainik izango dira. Ikastaroa urriaren 3an, astelehenean, hasiko da.
Ikastaroaren edukiari dagokionez, Itsaso Arrietak hau azaldu du: “Euskal Herriko abesti multzo aberatsean egongo da oinarrituta, Euskal Herri osoko koplak, baladak, bertsoak, dantzatutako abestiak eta abestutako dantzak jasoz, baina errepertorio osoa pixka bat “kartara” egingo da, parte hartzen duten pertsonen ezagupenen eta nahien arabera”. Ikuspuntu metodologikotik, “helburua abesti bakoitza bere testuinguruan azaltzea izango da, jatorria eta egilea ezagutzea, ezagunak direnean, esanahian eta sinbologian sakontzea, hitzek gure hizkuntzan duten leuntasunaz edo zorroztasunaz jabetzea, eta ondoren elkarrekin abestea, ezagutza erantsi horretaz eta taldean egiteak sortzen duen plazeraz eta pozaz gozatuz”.
Hamar urteko ibilbidea
Aurtengo urtea AIKO Taldearen 10. urteurren ospakizunek markatu dute. Taldearen ezaugarri berezia, dantza tradizionala erakusteko, ikasteko, baloratzeko eta gozatzeko estilo berria da. Hamarkada honetan, 4.000 pertsona inguruk parte hartu dute taldeak Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean antolatu dituen ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emanalditan. Horrez gain, 2016. urtean azpimarragarria da bi proiektu handi ekoiztu direla: ‘Jotamentala’, Euskal Herriko hainbat aretotan ikusi ahal izan den dokumentalaren estreinaldia; eta AIKO Taldeko musikariak eta dantza maisuak Euskal Herriko Musika Banda hoberenekin elkartzen dituen ikuskizun berria.
INFORMAZIO GEHIAGO: www.aikotaldea.eus
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus