Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasleak astebetez izan ditugu Euskal Herrian euskal dantzen oinarriak ikasten. Guztira, Utahko Unibertsitateko dantza graduko hamaika dantza ikasle ibili dira gure artean. Kezka dantza taldeak bere "etxean", Portalea Kultur Etxean egin dien harrera, eta bertako dantza-gelan, Dantzertin eta Gipuzkoako Dantzagunean jaso dituzte dantza-klaseak.
Utahko Unibertsitateko dantza ikaslek Character Dance Ensemble taldean aritzen dira eta urtero tokiko dantzak ikasteko bidaia bat egin ohi dute. Beraien balleteko ikasketak osatzeko tokiko dantza tradizionalek egindako ekarpenei garrantzi handia ematen diote, helburua da tokiko dantza baten ezaugarri propioak eta estiloaren izaera jasotzea. 2008an etorri ziren lehen aldiz Utahko Unibertsitateko ballet ikasleak euskal dantzak ikastera, eta oraingoan beste belaunaldi batek errepikatu du esperientzia.
Dantzan.com-en koordinaziopean, eta Dantzan Ikasi programaren babesarekin, Kezkako, Dantzertiko, Argia-Ikerfolkeko, Aiko taldeko eta Bilbao Musikako irakasleen dantza-klaseak jaso dituzte Euskal Herrian egindako egonaldian. Gipuzkoako eta Zuberoako dantzak, eta fandango eta arin-arinak landu dituzte gehienbat, eta Gari Otamendi, Josu Garate, Sabin Bikandi, Patxi Laborda eta Oier Araolaza izan dituzte irakasle.
Dantza-eskolez gain Euskal Herria apur bat ezagutzeko aukera izan dute amerikar dantzariek. Donostia eta Bilbo hiriburuak, baina baita herri txikiagoak ere bai, eta adibidez, Deban, bertako San Roke ezpata-dantzaren historia eta ibilbidea ezagutzeko aukera izan dute, parrokia eta udaletxe plazatik hasi eta San Roke ermitaraino igoz, eta ingurune ederrak animatuta Santa Katalinaraino iritsiz.
Ikasitakoa ikusteko, eta egonaldiari amaiera biribila emateko emanaldi pedagogiko bat osatu dute Kezka, Argia eta Utahko dantzariek. Kezkako eta Argiako dantzariek oholtza gainean dantzatu dituzte ikastaroan zehar landukotako dantzak. Utahko dantzariek, berriz, astean zehar ikasitakoa eta beraiek Salt Lake Cityn duten taldearekin egin ohi dituzten dantzetako batzuk eskaini dituzte.
Egonaldia laburra bezain intentsua izan da. Bertako dantzak ikasteaz gain turismoa egiteko eta Euskal Herriko dantzariak ezagutzeko aukera ere izan dute. Zenbait klase, Dantzertiko, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolako, eta Dantzan Ikasiko ikasleekin batera jaso dituzte. Etorri aurretik eta orain zer esanik ez, Utahko ballet ikasleek argi daukate euskal dantzak ikastea interesgarria eta aberasgarria zaiela beraien dantzari formakuntzan.
Kezka Dantza Taldea
Utah-ko dantza ikasleak Sabin Bikandiren eta Patxi Labordaren klasean Dantzertin. Bilbo, 2017-05-09. Argazkia: Oier Araolaza-Dantzan.eus CC-BY-SA
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus