22-06-2022
BIZKAIe: Jantzea Bizkaiko zazpi herritara eroango dau udan Aiko Taldeak

Aiko Taldearen eta BBK Fundazinoaren lankidetzeari esker, Bizkaiko zazpi herritan jantzeaz gozau ahal izango dabe udan. Bagilaren 25etik irailaren 3ra egingo dabe BBK-Dantzaldi Ibiltaria, kultura garaikide tradizionala ingurune ludikoan, jai-girokoan eta parte-hartzailean sustatzeko helburuz, eta gazteei jantzarako sarbidea emoteko. Era horretara, belaunaldien arteko transmisinoa landuko dabe.

Bagilaren 25ean, zapatuan, Leioako Aldapa plazan izango da lehenengo hitzordua, 20:00etan. Ondoren, beste sei saio datoz: Zornotzan (garagarrilaren 9an), Markina-Xemeinen (24an), Bermeon (abuztuaren 6an), Plentzian (30ean), Trapagaranen (irailaren 2an) eta Erandion (3an).

Saio guztiak publikoak eta dobakoak izango dira, nahi daben guztiek parte hartu ahal izango dabe, jantzearen inguruko ezagutzea izan zein ez. Zuzeneko musikearen doinuan, Aiko Taldeko jantza-maisuek gidatuko ditue jantzaldiak. Pasodobleak, jotak, jauziak, txotiak, polkak, mazurkak, balsak, ingurutxoak... Danetarikoak egongo dira.

Musika eta jantza tradizionalaren zabalkundea bultzatu gura dabe Aikok eta BBK-k, ondasun sozial eta kulturala dalako, eta, horrezaz gan, tradizino hori transmitiduten eta gordeten lagundu gura dabe, musika eta jantza tradizionala aisialdiko beste jarduera batzuen pare jarrita.

Bide batez, musika eta jantza tradizionala transmitiduteko bitartekoak eta metodoak eguneratu nahi ditu Aikok, bizirik dagoalako eta eten barik eboluzionetan dauelako, baina bere esentziak galdu barik.

Era berean, jente guztiak ondo pasetea eta alkarren arteko lotura komunitarioa sortzea be bilatzen dau Dantzaldi Ibiltariak, Aiko Taldearen beste jarduera guztiek egiten daben lez. Jantzeak emoten dauen gozamenaz gan, ekimenak sozializetako bokazinoa be badau, topaketarako, komunikazinorako eta personen arteko lankidetzarako guneak sortuz, azaldu dabe.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus