04-12-2013
AIKO Taldeak 'Soken dantza' aurkezten du

Jota tradizionalak ere izan dezake doinu gaurkotu eta rockeroagoa gitarra elektrikoarekin interpretatuz gero; gainera, garai batean gitarra akustikoa eta espainiarra ere protagonista izan ziren euskal musika herrikoian. Batzuentzat harrigarriak izan daitezken bi baieztapen hauek dira hain zuzen ere,  musika eta maisu dantzaz osatutako AIKO Taldeak  aldarrikatzen dituenak azken diskoan,  duela sei urte musika eta dantza tradizionala berreskuratzeko eta gaurkotzeko egindako  apustuaren bidean jarraituz. ‘SOKEN DANTZA’ izenburua duen CDa aurkeztu dute gaur goizean Bilbon eta bihartik aurrera, Durangoko Azokako Elkar etxearen standeko disko berrien artean aurkitu ahal izango dugu. Horrez gain, datorren abenduaren 14an,  larunbatez, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian aurkeztuko dute zuzenean.

Azken disko honetan, AIKO Taldeko gitarrista den Alvaro Garciak hartzen du protagonismo osoa  gitarra bakarlariari bezala. Berak konposatu eta interpretatu ditu dantzarako 12 doinu soilik gitarra erabiliz, beti ere AIKO taldearen errepertorioaren estilo tradizionalean eta ohiko erritmoetan. Horrela, ‘SOKEN DANTZA’  lanean jotak, porruak, balsak, polkak, tangoak, foxak, jauziak, habanerak nahiz mazurkak aurki genitzake. Doinu guzti hauek Martin akustikoarekin, Camacho markako espainolarekin eta Fender Stratocaster elektrikoarekin interpretatu ditu Alvarok. Doinu guztiak berak konposatu eta idatzitakoak dira, Mutxikoak (jauzietan ezagunenetakoa den dantza) eta Koldobike (foxtrot erritmoz interpretatu duen herri kantu ezaguna) salbu; azken horietan, moldaketa zehatz batzuk begin ditu dantzarako musikaren melodia mantenduz.

Jota rockero bat

Tradizioan hain errotuta dagoen jota bat Rock&Roll-erako ohikoagoa den musika-tresna  batekin jotzea ez da hain berria paradoxa dirudien “musika berria estilo tradizionalean” aldarrikatzen duen  talde batentzat. Horrela, diskoaren oinarria dantzarako musikaren ezaugarrizko egitura finko eta errepikakorretan dago, baina instrumentuari distira ematen dioten bakarkako inprobisazioak ere baditu, eta beste musika estilo batzuei dagozkien zenbait ustekabe eta keinu ere bai.

 

Argazkia: Iñaki Andrés

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus