08-01-2020
Jotametala ikusgai Vimeon

Dagoeneko Aiko taldeak eta Bideografikek ekoiztutatako Jotamentala ikus-entzunezkoa doan ikusgai dago vimeo plataforman:

https://vimeo.com/183130690

AIKO Taldearentzat jota dantza "totala" da, oso aberatsa, dimentsio askoduna, harago begiratzeko aukera ematen duena, eta horregatik erabaki zuen honen omenezko dokumental bat egitea; halaxe sortu zen Jotamentala ikus-entzunezkoa.

Jatorrian Elizak bekatuzkotzat hartua eta euskal nazionalismoak garbi eta kasto bilakatua, jota landa inguruko munduarekin izan du lotura beti, baina hirikoa ere izan da eta da, etengabe berriztatzen baita, egun erabat indarrean den kultur adierazpena baita.

50 minututan jotaren inguruko ibilbide zorrotza egiten du Jotamentala-k, dantza tradizional horren jatorritik hasi, bilakaeratik eta aldaeretatik igaro, testuinguru soziopolitiko desberdinak aipatu eta gaur egungo egoeran eta aurreikusten zaion etorkizunera iritsi arte. Ikus-entzulegoa hainbat motatako eszenatokitara darama gainera: Aiko taldearen ikastaro nahiz emanaldietara, Kukai edota Ereintza dantza taldeen koreografietara, XVIII. mendeko jauregietara, XVI. mendeko gallarda bat berregitera, telebistako irudietara, gaur egun artxibategietan kontserbatzen diren etxean egindako filmazioetara, antzinako argazkietara…

Egileek ahalegin berezia egin dute, euren esperientzia eta ibilbidea kontuan izanda, jotari buruz zer esana duten ahots garrantzitsuak elkartzeko. Horien artean daude, besteak beste, Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Irigoyen, Jose Inazio Ansorena, Jon Pertika, Oier Araolaza, Aingeru Berguices, Kepa Artetxe edo Xabier Etxabe. Dantza herrikoiaren erretratu aberats eta inpresionista horretan, bakoitzak, folklorearen adierazpen horren dimentsio anitzeko ikuspegia aberasten duen ikuspuntua ematen du. Azpimarratzekoa da, baita ere, Jon Maya Kukai Dantza Konpainiaren zuzendari eta AikoTaldearen sortzaileetako baten partaidetza; eta baita Cesc Gelabert koreografo kataluniarrarena edota Sergio Cobos (Galizia), Agustin Garcia (Salamanca), Jesus Vicente eta Rosa Cuervo (Asturias) dantza maisuena ere.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus