Tradizioa eta ahozko kultura askorentzat bat dira, eta ahozko kulturaren oinarrietako bat kantua da. Tradizioa eta kantua bizirik daude edo ez daude, eta horregatik Aiko taldetik kantatzeko gune berriak sortzen diardugu.
Azkenengo urteetan, dantza eta kantua, gizaki guztion bizimoduaren parte izatetik, komunikatzeko bidea eta arte parte-hartzaile herrikoia izatetik, banakako espezialista batzuen gunea izatera igaro da. Gero eta "ikuskizun"-ago bilakatu da eta herritarrok "ikusle-entzule" pasibo bihurtu gara. Horrela, gaur egun, hainbatek uste du dantzan egiteko dantzari izan behar dela eta kantuan aritzeko kantari. Modu horretan, dantza eta kantuaren jatorrizko izaera eta funtzioak galdu egiten dira. Guretzat, kantuak aktiboa eta interaktiboa izan behar du; entzule pasibo izan beharrean kantua barneratu eta ingurukoekin partekatu ahal izateko.
Euskal kantuaren gizarteratzearen alde, zabaltzearen alde eta demokratizatzearen alde antolatu diren ikastaroen osagarri modura, k@ntari egitaraua proposatzera gatozkizue.
Asmoa da, hilean behin edo, ikasturtean zehar, "tradiziozko" kantuan edo kantu herrikoian adituak diren kideak ekartzea tailer/saio bat eurekin partekatzeko (tenporalizazio malgua: arratsalde bat, ordubete, bi, hiru...). Bertan partekatuko genituzke kantuaren inguruko iritziak, bizipenak, kontuak eta pasadizoak. Haiekin batera kantatu eta, ahal dela, kanturen bat buruz ikasi: kantua barneratu gure bizia aberasteko. Gonbidatu batzuk musika tresnez lagundurik agertuko zaizkigu, eta agian tresna horien inguruan ere arituko dira: panderoa, rabela, koilarak, akordeoia... Beste batzuk "a capela" edo gurean "a txapela". Beste batzuk kantuak baino kontuak ekarriko dizkigute. Aske.
Beste alde batetik, gurean, txakolina eta kantua eskutik lotuta agertu zaizkigu beti, eta K@ntari, Bizkaiko Txakolina ezagutu, dastatu eta eztarriak lehuntzeko aukera paregabea dela iruditzen zaigu.
Maddi Oihenart
Hirugarren saioa maiatzaren 4ean izango da eta Maddi Oihenart entzuteko eta berarekin kantatzeko aukera eta ohorea izango dugu Leioako Mendibile Jauregian. Abeslari Zuberotarrak, benetako tradizio sortzaile eta bizi bat dagoela erakusten digu egunero, kantatuz, olerkiak musikatuz, konposatuz... Hainbat musikarirekin eta talderekin lan egin du, folk ingurukoak eta baita ere jazz arlokoak. Gure kantuaren munduko emakume ahots erreferente nagusienetariko bat dudarik gabe.
Bitartean Bizkaiko txakolinak dastatzen jarraitzeko aukera izango dugu eta animatzen bagara, Thierryren kantuekin dantzan ere egingo dugu. Ieeeeup!
IZEN EMATEA 5€. SARRERAK ONLINE HEMEN
https://bizkaikotxakolina.eus/eu/eventos/kantari-kontari/
Udaberriko Kantari Kontari saioak:
Martxoak 16 GONTZAL MENDIBIL
Apirilak 13 THIERRY BISCARY
Maiatzak 4 MADDI OIENART
Ekainak 15 ROBERTO ETXEBARRIA eta AIKO TALDEA
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus