02-03-2025
aiko news: Roberto Etxebarria MAZURKA KLANDESTINOA Areatza, apirilak 4, 22:30

Gazte-gaztetatik izan ditut inguruan soinu txikerra eta dantza-koplak, edo kopla bertsotuak. Ez zen batere eskola txarra izan, inondik inora, 9-10 urte nitueneko domekeroko liturgia; ezin bestela esan, hamaiketako mezatik etxera bueltatu ostean gertatzen zen eta. Harrikoa egiten edo bazkaria prestatzen zuen bitartean, amak soinua joarazten zidan (soinu tekladuna zen sasoi hartakoa). Eta horrelaxe egiten nuen saiotxoa: kanta bat, beste bat, eta beste hori ere, ondo polita da eta… Gero, hiru-lau galleta mistelatan busti eta haren alegrantziarekin Bizkaiko trikitilariak kasetean ipini eta amagaz dantzan egin beharra egokitzen zitzaidan (dantzan egitea ez zen nire gustukoa, baina…). Giro horretan ezagutu nituen Isuskitzatik Gatikaratutako Tomas, alaba salgai zuen atsoa, Hilario Azkarate, Gallastegi eta beste hainbat pilotari, sator-plantako mutilak, Josepa lehengusina… Nork esango zidan handik gutxira grabaketa horietako artistakaz soinua jotzen ikasi eta plazarik plaza ibili behar nuenik. Nork esango zidan, hori guztiori biribiltzeko, arestian aipatutako garaitik urte gutxira, etxean entzuten eta kantatzen genituen koplei ahots eta panderoa jartzen zienarekin luzaroan arituko nintzela kalerik kale, bazterrik bazter eta erromeriaz erromeria. Ez dut uste atrebentzia handiegia denik esatea Kepa Arrizabalaga Euskal Herriko koplaririk handienetarikoa dugula.

Nire ume-garaiko sukalde hartatik pasatzea eta gure aurrekoen mailara ailegatzea gaitza bada ere, ezinbestekoa iruditzen zait gutxieneko aitortza eta omenaldia egitea, bihotz-bihotzez, gure musikaren bidea erakutsi digutenei eta bideratu gaituzten horiei. Bihoakie nire eskerrik beroena. Lan honetan, betiko trikiti-kopla moldeetatik irten eta denetariko doinu-erritmoak lantzen ahalegindu naiz. Baina, aldi berean, betiko trikiti-doinuei beste ikuspegi batetik begiratu nahi izan diet. Aspalditik zetorkidan ideia ekarri dut diskora: guk koplaren partea esaten diogun eta beti kantatu izan dugun zati horretaz gain, zati musikalak ere kantatu egin zitezkeela. Bada, zati musikalen doinuei apaingarriak eta pasoko nota batzuk kenduta, ederto txertatzen dira dantza-kopla laburrak. Horra hor, kasurako, "Maria Erramonaren atazak" eta "Fruiz", aspaldiko fantasia baten egiazko emaitza!

 

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus