05-04-2015
Aiko news: Dantzan fasiogaz: trikitilari, panderujole eta musikarientzat dantza tailerra

Gizakiak, musika entzutean, kultura gehienetan, gorputza mugitzeko joera duela esan daiteke, hau da, dantzan egiteko joera. Eta orain arte, dantza ere hori izan da, musikarekin bat datorren gizakiaren mugimendua.

XIX. mendetik aurrera batez ere, burges agintarien eskuetatik kontzertuaren errituala hedatzen da Europan zehar aitzin eta mundu guztian gero. Kontzertuan, gizakion berezko erantzun psikomotorea musikarekiko erabat erreprimitzen da. Horrela, gaur egun, ohizkoa da fandango bat antzerki areto batean edo plazan eserita entzutea (gure zaharrentzat ulertezina…). Erromeri giroan dantzarako jotzetik entzunaldietara pasatu gara konturatu gabe.

Aipatu dugunez, musika eta dantza txanpon beraren alderdi biak dira. Horregatik historian zehar, gure tradizioan, dantza maisuak musikariak ziren gehienetan eta musikariak dantza maisu. Gure Bonifazio Arandia “Fasiok”, Leon Bilbaok, Juan Aiesta edo Joakintxu Gotik, ondo baino hobeto zekiten dantzen egitura zein zen, tartekoak non hasi eta non bukatu, puntapio, harahonako, baltseoak, dobleuek eta nola markatu behar zituzten entzulegoa (“dantzalegoa” esatea egokiago) pozik eta gustora izateko. Aspaldiko sueltoko txapelketetan epaile lanetan ere aritzen ziren. Musikoak dantzan eta dantzaz zekien.

Dantzan Fasiogaz ikastaroan musikariok gure dantzarako ofizioa berreskuratzeko lehen urratsa ematera gonbidatzen zaitugu. Ateak ireki ditzagun, txotis bat, fox bat edo fandango baten egitura erritmikoak ezagutzeko dantzaren bidez, ondoren musikaz adierazteko gai izan gaitezan. Eta guzti hori, hori bai, ondo pasatzeko asmoz! Barre egiteko prest etorri gero! Barre aldamenekoarekin eta geure buruaz ere barre egiteko prest!

Egitaraua:

-Musika eta dantzaren arteko erlazioa erritmoaren bidez

-Hasi hasieratik

-Pasodoblea

-Balsa

-Txotisa eta polka

-Boleroa

-Mazurka

-Foxa

-Tangoa

-Habanera

-Trikitia: jota edo fandangoa eta arinarin edo porrusalda

      -Oinarrizko egitura ulertzen

      -Transkripzioaren eragina fandangoa jotzeko moduan historiaren ikuspuntutik.

      -Tartekoak eta egitura orokorra: puntapioa, harahonakoa, baltseoa, dobleue, bueltak.

 

NORI ZUZENDUA: trikitilari, panderujole eta dantzak jotzen ikasi nahi duen edozein musikari.

ZER BEHAR DEN: dantzan eroso egiteko oinetako eta janzkera, eta ahal duenak panderoa.

NOIZ: Maiatzaren 9an, larunbata, 17:00-20:00 (beti bezala, pokomasomenos…)

NON: UPV/EHUk Bilbon duen Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Iberdrola dorrearen aldamenean).

IZENA EMATEKO: 20€ sartu ikaslearen izen abizenak jarriz Kutxabanken honako kontu zenbakian:

2095 0233 10 9111124099

 

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus