Telebista eta bideokonsolak agertu baino lehen, musikea zan haur jolas eta jantzen derrigorrezko akonpainamendua. Umeentzako sehaska-kantuetatik hasi eta esku-jokoetan, jauzietan, korroetan eta bestelako koreografietan erabilteko moduko doinuetaraino, haur kantek ezinbesteko eginkizuna izan dabe umeen sozializazinoan eta garapenean nahiz hizkuntza eta kulturearen transmisinoan.
Kulturearen ikuspegitik daben balio handiaz jaubetuta, eta desagertzeko arriskutik babesteko asmoz, musikari eta jantza-maisuez osotutako Aiko Taldeak umeen jolas eta kantu horreek helduei erakasteko tailer bat antolatu dau. Izan be, gurasoek, hezitzaileek eta irakasleek funtsezko eginkizuna izan dabe beti altxor hori belaunaldi batetik bestera transmitiduteko.
Tailerr hau, Aikok igazko urte amaieran sei urte arteko umeak jantzan trebarazteko emondako Kulunkaz – Gure lehen urratsak dantzan izenburupeko beste bi tailerren osogarria da. Baina oraingo honetan, taldeko kideek Itsaso Arrietari emon deutsie ikastaroaren batuta pedagogikoa. Arrieta Euskal Herriko ahozko ondarea eta bereziki kantu tradizionalak ezagutzera emoten urte asko daroazan aditua da.
Olgetea, jantzea eta musikea oinarri-oinarrizkoak dira umearengarapen motorrean, emozionalean eta kognitiboan, kulturea trasmitiduteko daben garrantziaz gan, adierazo dau Itsasok, Euskal Herri osoko ezin konta ahala jolas, kantu eta ipuin ordu eta erdiko tailer batean laburbatzeak dakarzan zailtasunak autortuz. Normalean, 15-20 orduko ikastaroak emoten dodaz –azaldu dau-, baina oraingo honetan ordu eta erdi besterik ez dodanez, dan-dana oso trinkoa izango da, eta tailerra oso praktikoa izaten saiatuko naz.
Esperientziak emoten dauen ikuspegiaz, Itsaso Arrietak argi itxi dau jolas eta kantu tradizionalen errepertorioa oso ezezaguna dela gaur egun. Sehaska-kanturik xumeenetatik hasi eta lehenengo pausuak emotean, eskuak mobiduten hasten diranean edota zenbatzen hasterakoan kantetan diran doinuetaraino. Horren haritik, umearen garapen motorrean, emozionalean eta kognitiboan olgetea, jantzea eta musikea oinarri-oinarrizkoak dirala nabarmendu dau, hizkuntza eta kulturea trasmitiduteko daben garrantziagaz batera.
Itsaso Arrieta Goiri Euskal kanten irakaslea eta bereziki umeen kantuetan aditua da. Haurtzaindegietako eta eskoletako hezitzaileen irakaslea urte askoan. Umeen kantak batzen eta ikertzen ibili izan da eta zenbait argitalpenen arduraduna eta aholkularia be izan da. Azken urteetan, kanta tradizionalen ikastaroak emoten dabil eta kantuagaz lotutako hainbat ekintza kulturaletan parte hartu dau.
Kulunkaz – Haur kantu jokoen tailerra ekimena gurasoei, Lehen Hezkuntzako irakasleei eta haur eskoletako, haurtzaindegietako eta umeentzako beste ikastetxe mueta batzuetako langileei zuzenduta dago. Ekimena UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko kultur-sareak eratutako Kulturbasque izeneko topaketa eta jarduera programazinoaren barruan antolatu da.
Tailerra zapatuan, martiak 28, 12:00etatik 13:30etara bitartean egingo da, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo). Matrikulearen prezioa 10 eurokoa da, eta plaza kopurua mugatua danez, izen-emotearen hurrenkereari jarraituko jako. Inskripzinoa 634 423 539 telefonoan egin daiteke dagoeneko.
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus