Erromeriak berreskuratu eta hedatzen ari den Aiko taldeak dantzarako grina zabalduko du aurten ere
A.H. | BILBO
Musika eta dantza tradizionalaren ondarea hedatzea eta ezagutaraztea dira duela hamar urte jaiotako Aiko taldearen helburuak, erromeria berreskuratzea eta dantzarako gune berriak sortzea ezinbesteko baliabideak dituztela. Aurten ere Zazpikaleak dantzarako gune bihurtuko ditu Aiko taldearen dantzaldi ibiltariak abuztuaren 25ean, 13.00etatik aurrera.
Hainbat musikarik eta dantza-maisuk osatutako kultur elkartea dugu Aiko. Besteak beste, erromeriaren izpiritu herrikoia eta dantzarako gune berriak zabaltzen saiatzen da, etengabe. Horren adierazgarri dira Euskal Herri osoan eskainitako erromeria, ikastaro, tailer eta emanaldi ibiltari kontaezinak. Azken batean, taldearen bokazioa «modu natural, erlaxatu eta dibertigarrian jo eta dantzan egitea» da, eta pasio hori ahalik eta pertsona gehienei helaraztea.
Dantza-maisu, koreografo, ttunttunero, hainbat ikuskizunen zuzendari zein dantzen berreskuratze prozesuetan aditua dugu Patxi Laborda Larrea, Aste Nagusian Aiko taldearen dantzaldi ibiltarian dantza-maisu lanak beteko dituena. Bere esanetan, «jendeak jakin behar du dantzarako gogoa eta musika behar direla, besterik ez, eta ez horrenbeste plaza edota agertoki propio bat. Edozein lekuk balio du dantza egiteko», dio ikuskizuna zertan datzan azalduz. «Dantzarekiko zein musikarekiko grina partekatu nahi dugu, dantzarako eremu berriak zabalduz, hau da, kaleak dantza egiteko bereganatuz».
«HASI BADAKIGU NOIZ, BAINA...»
«Aste Nagusiko egun batean elkarrekin geratzen gara parranda bota eta dantza egiteko. Helburua ondo pasatzea eta gozatzea da, aurreko urteotan bezala. Hasi badakigu noiz, baina ez dakigu noiz arte egongo garen, kalez kale, musika jotzen eta dantza egiten», gehitzen du taldearen aurpegirik ezagunena den Sabin Bikandik, txistulari, danbolin jotzaile eta musika sortzaile eta Etnomusikologian masterdunak.
Ostegunean, abuztuaren 25ean, eguerdiko ordu batean abiatuko da, kalejiraren konpasetara, Aiko taldearen dantzaldi ibiltaria. Perro, Santa Maria, Pilota, Barrenkale eta Jardines kaleetatik pasatuko dira, beti dantza egiteko leku aproposen bila. «Ohikoa ez bada ere, poteoa eta dantza lotzen ditugu. Egia da apur bat edan eta gero, lotsa kentzen dela», dio Labordak.
Kalejirak geldialdia egiten duenean, dantzaldirako prestatzen dira musikariak (Sabin Bikandi, txistua eta atabala; Alvaro Garcia, gitarra; Txus Aranburu, akordeoia; Amaiur Cajeraville, baxua; eta Asier Garcia, perkusioa). Segituan, Patxi Labordaren gidaritzapean, ehunka pertsona hasiko dira dantzan: pasodobleak, balsak, jotak, esku-dantzak, porruek, binangoak, jauziak, mazurkak eta sokadantzak dira Aikokoek eroaten dituzten erritmoak.
Behin dantzaldia bukatuta, bazkari ederraz gozatzeko aukera izango dute Aiko taldekoek eta dantzarekiko grina bereganatzea animatzen diren guztiek.
2016ko abuztuaren 19a | GARA BILBOKO ASTE NAGUSIA 11
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus