Dantza eta mendia batuko ditu AIKO Dantza Taldeak Danspirenaika ekimenarekin, eta mendiko paisaietan dantza tradizionalaz gozatzeko gonbitea luzatuko du. Ekimena Pirinioetan egingo da, mendikate horren inguruan dauden kultur tradizioak Danspirenaikaren bidez elkartuz. Egitasmoaren hasiera maiatzaren 21ean eta 22an izango da Areatzan.
Danspirenaika 2022ko lehen etapa maiatzaren 21ean hasi, 16:30ean, eta igandean amaituko da, eta irakasle espezializatuek emango dituzten lau ikastaro bilduko ditu. “Lehenengoa Pilar Baca sevillarrak, dantza espainiarreko eta flamenkoko irakasleak, zuzenduko du, eta euskal jotaren eta buleriaren arteko loturez arituko da. Ondoren, Larraitz Artetxe AIKO taldeko kideak Jotarekin olgetan Arratian izenburuko ikastaroa emango du. Zapatuari amaiera emateko Areatzako erromeria mugikorra abiatuko da Gudarien Plazatik. Domekan Claude Iruretagoyena lapurtarraren txanda izango da, euskal dantzaren ohiko jauziak irakatsiz. Eta Ines Uriarte ondarrutarrak emango dio amaiera egunari, bikotean gidatzearen oinarrizko kontzeptuei buruzko ikastaroarekin”.
Izena eman nahi baduzue: aiko@aikotaldea.eus helbidea duzue.
AIKO Taldeak bigarren topaketa bat ere antolatu du uztaileko azken asteburuan Jacan, eta han ikastaroak, tailerrak eta dantza herrikoiak eskainiko dira.
© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus