25-10-2022
BIZKAIE: AIKO Taldeak Benat Irigoyen Galtxetabururen omenezko diskoa dakar

AIKO Taldeak, jantzako musikari eta maisuen kolektiboak, Beñat Irigoyen Galtxetaburu soinujoleari gorazarre egiteko dator diskoa. Ipar Euskal Herriko musikaria erreferente handia da Euskal Herriko jantzazaleentzat eta AIKOrentzat eredu be bai, haren estiloagaitik eta jantza eginez joteko moduagaitik.

CD honetan, taldearen lana, cassette formatuan baino konserbetan ez zan eta bere garaian azkar agortu zan Galtxetabururen erreferentziazko grabazino bat berreskuratzea izan da. Taldeak digitalizau eta masterizau egin du 1988ko audio hori, Baxe Nafarroako soinujolearen interpretazino-estiloaren oso adierazgarriak diran 15 jantza-piezen bildumea.

AIKOk omenaldi eguna atondu dau diskoaren aurkezpenerako, izan be, Uharte Garazin ospatuko da Galtxetaburu Eguna, Beñat Irigoyenek izengoititzat erabili eban familiaren etxetik oso gertu. Egitaraua goizeko 11:00etan hasiko da, Uharte Garaziko Plazan eta bertako musikari eta jantzariek jauziak (Galtxetaburuk berpiztu eban jantza) erakutsiko ditue. Jantza horren eta bere interpreteen joanari eta egungo errealidadeari buruzko berbaldi labur bat etorriko da gero eta ondoren AIKO Taldeak mokauaren ordua girotuko dau plazan, zuzeneko musikeagaz. Bazkalostean, jauziz eta bestelako jantzez osotutako saioa Aiko Taldearen eskutik.

Galtxetaburu Egun horretan parte hartu nahi dabenentzako AIKOk autobusa atondu dau. Bilbotik hartuko ditu bidaiariak (Moyua plaza) goizeko 08:00retan, Durangon (autobideko ordainlekuaren ondoko aparkalekua) 8:15ean geldituko da eta Donostian (autobusen terminala) 9:30ean. Plazak mugatuak dira eta bidaiaren eta bazkariaren prezioa 55 eurokoa da. Interesatuek www.aikotaldea.eus webgunearen bidez emon leikie izena.

Galtxetaburu, erreferentea Euskal Herriko jantzazaleentzako

Beñat Irigoyen, Galtxetaburu, izan zan jantza-plazetara jauziak itzularazo zituan soinujolea. 1934an jaio zan Kalifornian, baina familia laster bueltau zan Gamartera, Baxe Nafarroako sorterrira. Familiaren etxea (Galtxetaburua) Donejakue bideko ostatua zan. Jantzak Beñaten bizitzaren parte izan ziran umezarotik. Hamar urte zituala akordeoia joten hasi eta 17 urtegaz debutau eban jentaurrean Izuran egindako lehenengo jantzaldaian. Ramuntcho orkestra ospetsuan hartu eban parte, lehenengo Antton Piarresteguyren aginduetara eta gero bera zuzendari zala. Akordeoia joten jarraitu eban 1990ean hil zan arte.

1970-80ko hamarkadetan jauziak ez egozan indartsu. Beñat izan zan jantzaldian jauziak joten eta bultzatzen hasi zana, errepertorioa ahaztuta egozan piezakaz zabalduz, jantzara gonbidatzen daben erritmoagaz eta estiloagaz joz eta, batez be, jantzea errazteko pausoak markauta. Jantza mueta hori zabaltzeko aitzindarietako bat izan zan.

Bestalde, 1988an Irulegi Irratiaren eskutik grabau zituan doinuek mugarri bat ezarri eben. Cassette batean argitaratu eta laster agortu ziran. Orain, AIKO Taldeak, musikariaren familiagaz adostuta, barriro argitaratu ditu grabazino horreek, birmasterizazino lanaren ondoren, jatorrizko soinua formatu digitalean berreskuratuz eta zaharbarrituz.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus