28-10-2022
EL CORREO: AIKO Taldeak Benat Irigoyen Galtxetaburu soinujolearen omenezko diskoa prestatu du

AIKO Taldeak Beñat Irigoyen Galtxetaburu soinujolearen omenezko disko berria aurkeztuko du igandean Uharte Garazin (Behe Nafarroa). Hauxe Ipar Euskal Herriko musikaria erreferente handia da Euskal Herriko dantzazaleentzat, bere estiloagatik eta bere dantza eginez joteko moduagatik, AIKOren arduradunek nabarmendu dutenez.

Taldeak digitalizatu eta masterizatu egin du 1988ko audio hori, cassette formatuan bakarrik kontserbatzen zena, Baxe Nafarroako soinujolearen interpretazio-estiloaren oso adierazgarriak diren 15 dantza-piezen bilduma dena, oraingoan CD formatuan.

Diskoaren aurkezpenerako, beraz, AIKOk omenaldi eguna antolatu du igande honetan (Uharte Garazin ospatuko den Galtxetaburu Eguna, alegia), Beñat Irigoyenek izengoititzat erabili zuen familiaren etxetik oso gertu. Egitaraua goizeko 11.00etan hasiko da, Uharte Garaziko Plazan, eta bertako musikari eta dantzariek jauziak (Galtxetaburuk berpiztu zuen dantza) erakutsiko dute. Dantza horren eta bere interpreteen iraganari eta egungo errealitateari buruzko hitzaldi labur batekin jarraituko da, eta, ondoren, aperitiboaren ordua girotuko dute plazan, zuzeneko musikarekin. Bazkalostean, jauzi ez eta bestelako dantzez osatutako saioa izango da Aikoren eskutik.

Galtxetaburu Egun horretan parte hartu nahi dutenentzat, AIKOk autobusa antolatu du. Bilbotik abiatuko da (Moyua plaza) goizeko 08:00etan, Durangon (autobideko ordainlekuaren ondoko aparkalekua) 8:15ean geldituko da, eta Donostian (autobusen terminala) 9:30ean. Plazak mugatuak dira eta bidaiaren eta bazkariaren prezioa 55 eurokoa da. Interesatuek www.aikotaldea.eus webgunearen bidez eman dezakete izena.

Gure dantzazaleentzako, erreferente

Beñat Irigoyen, Galtxetaburu, izan zen dantza-plazetara jauziak itzularazi zituen soinujolea. 1934an jaio zen Kalifornian, baina familia laster itzuli zen bere Gamartera, Baxe Nafarroako sorterrira. Familiaren etxea (Galtxetaburua) Donejakue bideko ostatua zen.

Dantza Beñaten bizitzaren parte izan zen haurtzarotik. 10 urte zituela akordeoia jotzen hasi zen, eta 17 urterekin debutatu zuen jende aurrean Izuran egin zuen lehenbiziko dantzaldaian. Ramuntcho orkestra ospetsuan parte hartu zuen, lehenik Antton Piarresteguyren aginduetara eta gero bera zuzendari zela. Akordeoia jotzen jarraitu zuen 1990ean hil zen arte.

1970-80ko hamarkadetan jauziak ez zeuden momentu onean. Beñat izan zen dantzaldian jauziak jotzen eta bultzatzen hasi zena, errepertorioa ahaztuta zeuden piezekin zabalduz, dantzara gonbidatzen duten erritmoarekin eta estiloarekin joz, eta, batez ere, dantza errazteko pausoak markatuz. Dantza mota horren hedapenaren aitzindarietako bat izan zen.

Bestalde, 1988an Irulegi Irratiaren eskutik grabatu zituen doinuek mugarri bat ezarri zuten. Cassette batean argitaratu eta laster agortu ziren. Orain, esan bezala, AIKO Taldeak, musikariaren familiarekin adostuta, berriro argitaratu ditu grabazio horiek, birmasterizazio lanaren ondoren, jatorrizko soinua formatu digitalean berreskuratuz eta zaharberrituz.

AIKO TALDEA en Instagram AIKO TALDEA en Twitter AIKO TALDEA en Facebook AIKO TALDEA en YouTube

© Aiko Taldea • 634 423 539 • aiko@aikotaldea.eus